2011-03-30

241. pasartea

Kabina batetik deitu zion. Hasiera batean ezinbestean hartu zuen kabinatik deitzeko erabakia, deserosoa gertatuko zitzaiolako, baina berehala ikusi ahal izan zuen —txanpon hartzearen hotsa entzun bezain pronto “kabinatik ari al zara?” galdetu zion harriturik, hariaren bestaldetik— aproposagoa gerta zekiokeela azalpen askorik eman behar ez izateko. Kabinatik deitzeak iradoki zezakeen ezohiko arrazoiren batek zeramala deitzera, arrazoi serio batek, alegia, eta horrez gainera, txanpon hotsak zehatz eta labur izaten laguntzen zuen.
Beraz, “kabina batetik ari al zara?” galdetu zion hark, eta berak baietz erantzun eta, eperik eman gabe, “etor zaitezen behar dut” erantsi zuen. “Hemen behar zaitut” esatea ere pentsatu zuen, baina, ez zekien zergatik, “etor zaitezen” zehatzagoa iruditu zitzaion, konnotazio sentimentaletatik libreago. Gauzak gehiago zehazteko, “autoz etor zaitezen behar dut” gaineratu zuen.
—Ondo al zaude?
Bai, ondo zegoen, ez zuen zertan kezkatu. Ez zuten askoz gehiago hitz egin. Baietz erantzun zion Susanak, etorriko zela, baina baldintza txiki batekin. “Frantzian café créme bat hartzera gonbidatzen banauzu”. Aspaldian omen zen Frantzian egon gabea. Azpimarratu egin zuen, Frantzian, ohiko zuzenketaren esperoan ziur asko; alegia, bereiz zitzala “bestaldea” eta Frantzia. Baina “bai noski” erantzun zion soilki. Heldu bezain laster amaren etxera deitzeko esan zion.
Bost eta erdietan iritsi zen, baina Kursaalean bildu zirenerako seiak ziren ia. Masailetan musu eman zionean, artean ez zekien zer esango zion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario