2011-03-30

223. pasartea

Luze dirau eginahal alferrikakoan, Juliaren etsipena deserosotasun bihurtzen den arte. Haren tentsioa, gihar bakoitza atezuan, nabarmenegia bilakatzen zaio gorputz azpian, eta, orduan, bentzuturik, besoak luzatzen ditu animalia baten erpea imitatzen duen baineraren hankari helduz, toaila bustiaren gainean ahozpez, naufrago baten gisan, etzateko. Alboan, Juliaren arnasa etena.
“Sentitzen dut” esaten dio sabai ondoko leihorantz burua altxatuz, elizondoko zuhaiztia —platano zuri-berde hostotsuak— gurutzatzen duen haizea bilatu nahirik, eta distira urdinak zipriztindu duen argi zuri biziak begiak itxiarazten badizkio ere, badaki, oraingoan baldosa hexagonalen gainean etzanda geratu denean, polizia baten bota beltzak direla leiho atzean ikusi dituenak.
Ez zituen Albertoren mokasin urdinak ikusi poliziaren bota beltzen alde banatara. Alberto hormaren kontra baitzegoen, zutik, buru-makur —beharbada baineraren zati bat ikusten zuela, zuria, bainugelaren iluntasunean— zangoak zabal, ahalik eta zabalen, poliziak agintzen zion bezala.
Ez zituen ikusi platanoen atzean ezkutatzen ziren goardia zibilak ere, baina ez zekien zergatik, isiltasun handiegiagatik-edo, etxea inguraturik zegoelako ziurtasuna izan zuen. Juliari nola esan pentsatu zuen istant batez, baina azkenean, “polizia” baino ez zuen esan, atea hormaren kontra kolpean bota zezaten baino lipar bat lehenago, eta, bere murmurraren oihartzun neurriz gaineko bat bezala, “¡policía!” egin zuten oihu.
Ez zioten oinetakorik janzten utzi, eta airean atera zuten korridorean zehar. Airean zeramatenen soinean gorputza pisu osoz erortzen utzi bazuen, inertzia hutsez izan zen, eta atzean Julia “nire alaba, nire alaba” oihuka entzuten zuelako, eta umearen negar kontsolagabea. Azkenean, ostikoka atera eta magnoliaren kontra bultzatu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario