2011-03-31

205. pasartea

Konpartimentu guztiak zeuden itxita. Alboko atearen kontra jarri zen, bizkarraldean kisketari helduz. Ezin zabal zitekeela pentsatzen zuelako ausartu zen, aurrez egindako saioan barrutik itxia sumatu, eta geroztik ez baitzuen aterik irekitzen entzun. Ezkerreko zangoa atzeratu behar izan zuen ez erortzeko, eta barkazio eskea ahoan bueltatu zenean, leiho erabat zabaldutik sartzen zen haize korronte zakarrak eta euri zipriztinek baino ez zioten erantzun.
Hutsik zegoen. Ohea deseginda, bertan liburu bat, eta liburuaren gainean zigarro pakete zuri-urdina, hutsik eta bola bat eginda. Ez zegoen beste ezer konpartimentu hartan. Ez gabardina edo berokirik, ezta inongo ekipajerik ere.
Liburua hartzen ausartu zen. A Portrait in Smoke, Penguin-en sail beltzean. Irakurria zuen arren, gaingiroki baino ez zen argumentuaz oroitzen. Emakume baten erretratuaz maitemintzen den norbaiten historia. Pentsaturiko tabako marka ote zen jakiteko desira ergelari jarraituz, paketea destolestatu zuen, eginkizun horretan harrapatua izateak eragiten zion urduritasuna bentzutuz.
Gauloise disque bleu zen, uste bezala, eta ertz batean telefono zenbaki bat zuen tinta gorriz idatzia. Lehen kolpean ezaguna egin zitzaion, besterik gabe, baina papera esku barruan zimurtu eta atzera liburu gainean uzteko zegoela, bere telefono zenbakia etorri zitzaion gogora. Zenbaki bera zen.
Burua odolustu zitzaion hura egiaztatu zuenean, eta lurrera erortzeko zorian sentitu zen. Une luze batez eserita gelditu zen, aurkikuntzak jota bezala. Gero, papera patrikan ezkutatu eta, krimen baten gertalekua utzi balu bezala, trantsitora irten zen berriro ere, Eduardo Ortiz de Zarate edo gizon kapeladuna ikusiko zituelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario