2011-03-30

331. pasartea

Baranda zuriaren gainean egon ziren luzaroan. Itsasoaz esan zitekeen oro zen topikoa. “Itsasoa itsasoa da, itsasoa”. Ba al zekien? Albertok ezetz egin zion buruaz. Umetan ez zen ausartzen beste umeek bezala burua barandaren erdiko uztaitik sartzen, ezin aterako zuelakoan. “A ze buruhandia izango hintzen” dio Albertok txantxetan. “Ez zuan hori. Sartu, sartzen nian. Gauza psikologikoa zuan, ikara, irteera baten bila pentsatzea galarazten duena. Epinefrinaren hauts zuria”. Berez, ez al zuen beldurrik pasatu galdetu nahi zion, berea aitortzeko.
Ez zen ausartu, ordea. Horren ordez, “zergatik habil kontu horietan sartuta?” itaundu zion. “Ez nagok oso sartuta. Hi bezala, gutxi gorabehera”, eta eskua soinean jarri zion. Albertok alde egiteko gogoz zirudien, bere ingurura begiratzen zuen behin eta berriz, urduri antzean. Bera gainetik kentzeko gogoz, zehatzago esateko: telefonoz hitz egin behar zuela esan zion kabina bat seinalatuz, eta dei zezakeen Pepetik, edo beste tabernaren batetik, alde egin beharrik gabe. Beraz, etxera joan nahi zuela esatea erabaki zuen, dutxa bat hartzeko gogo ikaragarria zuelako. Eta hori behintzat egia zen.
Dutxa bat hartu eta ohean etzateko irrikatzen zegoen. Pasatu zuena pasatu ondoren, aspaldian ez bezain segur eta libre sentitzen zen; libre utzi zutenez, ez zegoen deus bere kontra. Ospatzekoa zen. Pentsamendu positiboak nahi zituen Albertoren ihesak sorrarazi zion saminduraz libratzeko, baina ez zen erraza. Etxe ondoko kioskoan agortuak ziren egunkariak, eta ez zuen Abenida edo Bulebarreraino itzuli nahi izan bila. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario