2011-03-31

201. pasartea

Trenean edo bultzian, bekokia leihatilaren kontra itsatsirik, trantsitoan zutik dirau, Eduardo Ortiz de Zarate ustezkoa eskuinaldeko plataforman desagertu ondoren ere, ordu erdi luze batez oraindik. Ez daki zergatik, berez ez baitu harekin topo egiteko gogorik, komuna eta garbigela ikuskatzen ditu bere konpartimentuan sartu aurretik.
Biharamunean trenetik jaisten ikusiko zuela pentsatuz, jantzirik kendu gabe oheratu zen. Geltoki guztiak behatzeko arreta hartu zuen, ordea: neon gordinaren argipean gezurrezko eszenategiak ziruditen andenak geldiro urruntzen, bozgorailuek hedatzen zuten destino, Hendaya mezu nagiaren oihartzuna utziz. Iruñean ezin izan zion eutsi trenetik jaitsi eta kapeladuna zirudien gizon baten atzetik joateko gogoari. Jakinmina ez zen, ordea, trena galtzeko arriskuan jartzeko adinakoa, eta lurpeko pasabidearen ahotik pauso labur baina arinez urruntzen ikusi zuen, bera ote zen ziurtatzera heldu gabe.
Trenera itzulitakoan, leihatila ondoan eseri zen, ohiko ingurunearen ezaugarriak berreskuratu ahala, mantso baitaratuko zitzaion angustiaren lehen zantzuak noiz jasoko zain. Urrun zegoenean, ezaugarri haien oroitzapenak zoriontsu izatea eragozten zion; aurrean zituelarik, berriz, urrikalgarri sentiarazten zuten.
Grisa, maitatzera derrigortu zen hitza, eta literarioki ugari erabilitakoa. Gris “irristatua”, bere “giltza-hitza” literatur kritikaren esanetan; berez, haurtzaroan nobela erraz batean irakurritako gris patinadoren itzulpen okerra. Kontxako badiari aplikaturiko gris “irristatu” hari esker, estreinako aldiz izan zuen hitz bat, gauza eta sentimendu konkretuetatik at, konplexu eta korapilotsuagoa zen zerbait adierazteko gai izan zitekeelako kontzientzia, huraxe iruditu baitzitzaion ordura arte nola esan ez zekien kolore ilun eta argia, distiratsu eta triste eta bustia adierazteko modurik zehatzena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario