2011-03-30

224. pasartea

Magnolia grandiflora ederra ihintzetan dizdiz zegoen; orri beltz metal itxurakoek gaizkiaren arbolarenak ziruditen. Haren kontra estutu zen lagun bat besarkatuz bezala, eta bihotz bejetalaren taupada sentitzen zuela iruditu zitzaion. Hura izan zen besarkatzen zuen lehen aldia. Lehenago inoiz arbolarik besarkatu gabea zen, Goetheren poema maite bazuen ere; arbola zahar eta nobleen besarkadaz mintzo dena, izuaren hotzean hura baitatorkio gogora.
Hilabete batzuk geroago, poema horren oihartzuna Juliaren oroitzapen sentimental baten adierazpenari batuko zaio magnoliaren itzalpean. “Badira arbolak aitona gogorarazten dutenak” esango du, eta Juliak hatz txikitik helduko dio bere hatz txikiaz, eta zazpi arte kontaraziko, adierazi behar duen desira bat bete dadin, berari ere pentsamendu hori etorri zaiolako burura, nola behin aitonak bere azken udaberrian, hosto haiei so, esan zion hurrengo udaberrian loratuko zirenak ez zituela ikusiko. Unamunoren hitzak, Iñaki Abaituak, heriotza hurbil, Hendaian irakurriko dituenak.
Oraindik ez gaude hor. Iñaki Abaitua magnoliaren azal bustiari erantsita dago, eta goardia zibil batek, atzetik etorrita, subfusilaren kanoia sakatzen dio burezurreko zulo okzipitalaren kontra. Pentsatu beharko lukeela pentsatzen du, zergatik atxilotzen dituzten pentsatzea dagokiola, baina ikararen mekanismo biologikoa ihes egiteko dago taxutua, ez pentsatzeko. Adrenalinaren hauts zuriak izerdia eragiten du, azala labainkor gera dadin, odolaren zirkulazioa inhibitzen, zauriak ez daitezen odoldu. Baina ihes egin ezinean, pentsamendua Goetheren bertso baten oroitzapenera doakio, arbola zaharren besarkadaz mintzo den hartara, eta, txoria adarrez adar bezala, beste hartara gero, “Wenn man fragt, wer wohl sterben muss” germaniarrera; germaniarra, baina ez Goetherena; Brechtena, esango luke. “Nor hil behar den galdetuko dutenean”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario