2011-03-31

143. pasartea

“Cabo de la Guardia Civil muerto en atentado” titularraren azpian, gertakizunen kronika laburra zen: autoz, egunero bezala, eta galtzadaren berritze lanak beharturik, oso poliki, eskolako bidean bere alabaren bila zihoalarik, zerbait galdetzeko seinale egin zion bikote gazte baten aginduz geratu zenean, haien tiro gurutzatuen ondorioz hil zen hantxe bertan. Bikoteak moto batean egin zuen ihes, ordu hartan, arratsaldeko seiak, ugariak ziren lekukoen aurrean.
Egunkariek ez zioten bigarren saioan izan zenik. Bezperan ere, Daniel Zabalegiren oharbidez, ordu berean itxaron baitzioten, baina aukeraturiko lekuan abiada handiegia zeramanez, ezin izan zituzten armak ekintza burutzeko gutxienezko bermez atera.
Sumarioaren arabera, lehen saioaren ondoren, ordu erdi geroago, Daniel Zabalegirekin elkartu zirenean, haserre azaldu omen zen. Hamaika Pauso-ren bertsioan, berriz, bera sentitzen da hutsegitearen errudun, eta horrek sinesgarriago dirudi. Nolanahi ere, bi iturrien arabera, hurrengo egunerako utzi zuten ekintza, hamarren bat metro beherago, Iberduerokoen zanga batek bidea alderik alde zeharkatzen zuen parean, leku aproposagoa aukeratu ondoren.
Egunkariek ez zuten azaldu orduan, sumarioak hori ere jasotzen duen arren, nola biharamunean, arratsaldeko seietan, Goiz-Argi soziedadeko erdi itzalean itxaron zuen —hango leihotik zaintzen baitzituen Losadaren joan-etorriak—, bikotearen tiroak noiz entzungo zain, eztarrian korapiloa zuela ziur asko. Eta azkenean tiroak entzun ziren, eta klaxonaren kexa ozen izugarriak urratu zuen airea; sekula etengo ez zela zirudien auhen desesperatu bat. Eta lekuko izan ziren haur eta emakumeen garrasi ikaratuak gero.
“Cerca del lugar de los hechos se encontraban varias mujeres con niños que, asustados, comenzaron a dar gritos”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario