2011-03-31

156. pasartea

Eta bera haserre bizian irten zen, ohi zuenez, ume zital bat bezala, eta Julia atzetik, ohi zuen bezala hura ere, gainerakoek joaten uzteko esaten zioten arren.
Atalaurrean hurbildu zitzaion. “Nolakoa zaren, azken batean heriotzaren ikaragarria kulturaren eragina dela esan dutelako. Begira”, kokotsa hartzen dio zerurantz begiratzera behartuz, “ez al zaitu kontsolatzen hor, oreka kosmiko horretan, zerbait izango garela pentsatzeak?”.
Irribarre egiten du, garaile; ezpainak mugitu gabe, itzal bat ateraz, egiten dakien irribarrea, “izar hautsa baikara” esaterakoan. Eta aurkikuntza zail bat egina lukeenaren poza adierazten du bere onespenaren zain begiratzen dionean.
Zeruan ez dago izarrik. Jaizkibel gailurrak urratzen duen laino behea badia aldera erortzen da, zeru iluna lerro grisez orraztuz. Iñaki Abaituak ez du ironiaren baliabidea erabiltzeko umorerik, ordea, eta burua makurtuz “salda berde, ustel eta nazkagarria gara” dio.
Beso bat luzatzen zuen bestearen eskuaz atximurkatuz “hau salda berde nazkagarria bihurtuko da” esaterakoan. “Ezaguera hori da ikaragarria” esan ohi zuen besoa luzatuz, eta erabat haserrearazteko, aski zuten bere zuku berdeak udaberriko lorerik ederrenak elikatuko zituela ihardestea.
Juliak bazekien, eta ez zuen haserrearazi nahi izan. Esku bat ezarri zion bekokian, sukarra hartzeko moduan, eta erortzen utzi zuen gero.
—Zurea ez da hiltzeko ikara, bizitzekoa baizik.
Hatzak ezpainetara eraman zituen esandakoaz damu balitz bezala, eta Iñaki Abaituaren begi atsekabetuen erantzun isila baino ez zuen jaso.

No hay comentarios:

Publicar un comentario