2011-03-31

210. pasartea

Eta gizon biek besarkatu egiten dute elkar. Perejil, luzea, eta bestea txikia eta potoloa, berokiz jantzia. “Ia-ia ez zaitut ezagutu”. “Hainbeste denbora”. Irteerako atetik aldentzen dira gero, “txikito bat hartuko dugu” esan baitu Perejilek. Ez, ordea, bizkarrez dagoen gizon potoloari lepotik helduta, Iñaki Abaituari azken begiratua luzatu gabe, bibote erdiak zigarroaren keak itxiarazten dion begia seinalatzen duela. “Hoa gaurkoagatik” esanez bezala; hori iruditu zaio behintzat.
Urruntzen ikusten dituenean, kaxa eta guzti saltoka hasteko desira sentitzen du, pozaren pozez. Zainetan epinefrinaren eragina ahitu zaionean, eta aldakuntza metabolikoari Natura osoa batu nahi bailitzaion, trumoi hots ikaragarria entzuten da, andeneko estalki kristalezkoa dar-dar jartzen duena, eta euriaren errepika gero.
Geltokiko ataritik euripean galtzen den ibaia ikusi arte, ez da jabetzen iritsi dela, eta jabetzen denean, gogoa, ingurunea bezala, zilar ilunez jantzia sentitzen du. Etxerako bidea, luzeegia daramatzan fardelekin oinez egiteko, laburregia gertatzen da, berriz, taxisten purrustadarik entzun gabe taxian egiteko. Dena den, euria ari duenez, ez da bakar bat ere ageri, baina itxarotea erabaki du, bietako bat, atertu edo taxiren bat agertu arte, ez bailuke fitxak bustitzeko arriskurik hartu nahi.
Beraz, lurrean uzten ditu fitxak eta eskuko poltsa, jakaren patrikan daraman egunkaria irakurriz itxaroteko. Destolestatu gabe sudurretik gora baino ageri ez zaion arren, aise ezagutu du lehen orriko argazkikoa. Hiru izenburu dakartza: Solzjenitsyn expulsado de la U.R.S.S., Nixon: “Un año de Watergate ya es bastante” eta Identificados los asesinos del cabo Losada, azken hau betiko argazkiaren gainean, zeinetan defuntua, begi nabarmenak zuloetatik irteteko zorian, lepo estutuaren poderioz itokarrean bezala ageri den.

No hay comentarios:

Publicar un comentario