2011-03-31

184. pasartea

Diegok ohetik hitz egiten zuen, Iñaki Abaitua han ez bailegoen. Batzuetan izan berri zuten sexu saioari buruzko komentarioak egiten zituzten, intimitate bereziaren erakusgarri. Orduan, Iñaki Abaitua, haserre itxura eginez, egoera eramanezina gertatuko balitzaio bezala, hondartzara irteten zen haurrekin jolastera. Behin, ordea, liburua lurrera erortzen utziz, “ni banoa” esan zuen, eta hura ohiko muxin izuna ez zela erakusteko, “banoa etxera” zehaztu zuen, baina Susanak, naturaltasun handienarekin, hain zuzen hitz horien esperoan bailegoen “gu ere bagoaz, iritsi da alde egiteko ordua” erantzun zion. Eta alde egin zuten.
Berak zekiela, polizia ez zebilkion atzetik, egunero deitzen baitzien amari eta etxeko atezainari, kanpotar batzuen bisitaren zain zegoela aitzakiatzat hartuta. Baina, hala eta guztiz ere, nahiago izan zuen Bartzelonan egun batzuk gehiago geratu, badaezpada.
Institut ondoko hotel batean hartu zuen ostatu, eta lanaren aldetik aberats samarrak izan ziren egun haiek. Hiztegiaren lehenbiziko alea zuzentzearekin batera, hirurogei hitz pasatsuren definizioa taxutu zuen “lore”tik hasita, eta Teseu-ren itzulpena ere ez zuen ahaztu.
Batzuetan, ilunabarrean, Güell parkean eseri ohi zen. Amorantez inguraturik, harrizko paisaia miresteari ekiten zion. Izan ere, unibertso harrigarri bat zirudien hark, unibertso zatikatua. Portzelanazko plater hautsi bat, haur baten eskuek, edonola eta trakeski, inozentziaz baina jenialki, zati finak elkarrekin itsatsiz berrosatua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario