2011-03-31

161. pasartea

Umetan handiago iruditzen zitzaiola esan zuen Juliak, bere hosto berde-okre dizdizariez harro zirudien magnolia grandiflorari begira. Handiagotzat zeukan. Oroimenaren humusean arbola guztiak erraldoiak baitira. Hori erantzun zion Iñaki Abaituak, eta enborra besarkatu zuen. Hamar zentimetroko tartea geratzen zen bi eskuetako hatz punten artean. “Ikusten? Infinitua hori da”.
—Infinitua hori da —eta itzultzerakoan bularra goroldioaren berdeaz zikinduta agertu zuen. Ez zion Juliari garbitzen utzi. Iparra erakusten omen zuen enborren goroldioak, eta besoak zabaldu zituen bera ere arbola bat bailitzan. “Eskautetan ikasia”.
Eta hil zen egunean ere gauza bera egin zuen, magnoliaren enborra besarkatu zuen, alegia, kanpandorreko erlojuak metal ilunez zazpiak eman zituenean.
Ez da hori bakarrik. Daniel Zabalegik, fusilatuko duten eremuko muga osatzen duten zuhaitz xumeen enborretan, iparraizearen arrasto hezea du gidari, herriko norabidearen bila. Eta harantz nahian aurkitzen duen magnolia dotorea izango du azken begiradaren sostengu.
Begi-bistakoa da begirada horrekin Juliari gorazarre egiteko desira, ez baita magnolia grandiflora bat ondoen egokitzen zaiona pasarte berean eremu hitzaz definitzen duen parajeari. Gainerakoan, fusilamenduaren kontakizuna aski ongi lot lekioke gertatutakoari.
Orokorki eszena neutroa da, grisa, osagai dramatikorik gabea. Sinesgarria nahi luke izan eta, horretarako, literaturak eta zinemak banalizaturiko zeinu liturgiko ororen erabilera saihesten da. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario