2011-03-30

236. pasartea

Baina Ortiz de Zarate oheratu egin zen, atea zabalik utzita —erabat ohituraz kanpo, normalean itxi egiten baitzuen ohean sartzerakoan—, eta xehetasun hura nola juzkatu ez jakiteak are urduriago jarri zuen. Ez zekien gaizki irudituko ote zitzaion berak ixten bazuen; baina garbi zegoen zabalik utzita ezingo zuela lorik hartu. Beraz, argia itzali, eta sofan eseri zen. Ez zekien zenbat denbora zeraman hala, ilunean, sofan eserita; bat-batean, haren ahotsa entzun zuen bestaldean.
—Lo al hago?
Ez zekien galdera nola hartu. Nolanahi ere, ez zitzaion iruditu bere egoeraz arduratzen zenik, edo solaserako gonbita izan zitekeenik, zeren, ezetz esan ondoren —ez zegoela lo, alegia—, erantzuna jaso zain geratu zenean, “central llamando a todas las unidades” baino ez zuen entzun, eta gero auto bakoitza deia itzultzen; adibidez,
“J 20 para central, cambio”.
Sarritan “dígame si me escucha, cambio” esaten zuten. Denbora luzean egon zen isilik, irratiari hotsa zeriola, eta azkenean altxatzea erabaki zuen atea ixteko, ordurako lo egongo zela pentsatuz. Baina berehala ohartu zen ez zela lokartu: zigarroaren punta gorria ikusi zion gau-mahairantz joaten, eta bestalde, begiak zabal-zabalik sentitu zizkion, ikusi ez arren.
Jasanezina egin zitzaion tabakoaren kiratsa, eta pauso bat atzera eman zuen, salarantz. Beti iruditu zitzaion gainerakoek baino ke gehiago ateratzen zuela erretzerakoan. Sudurretik eta ahotik botatzen zuen aldi berean, eta, airea hartzerakoan, ezin zuen burutik kendu haren biriketatik pasatua zela pentsatzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario