2011-03-31

182. pasartea

Baina ez zuen hainbeste denbora egin. Artean biluzik zeuden umeen parean ikusi zuenean, lehorrean jada, haserre antzean, buru-makur, pausoa arin, noizean behin lurra ostikatuz, etxerantz, baina hala ere Susanak ez zion janzten utzi nahi, eta indarrez kendu behar izan zuen bere gainetik galtzen bila altxatzeko. Atarian sumatzerako, denbora justua izan zuen kisketa kentzeko, eta sartu zenean taularen ondoan zegoen; taula ateratakoan bezalaxe; eta Susana sofa gainean, alkandoraz jantzia.
Ez zirudien ezertaz konturatu zenik. Itxuraz, han zirenik ere ez zen ohartu, edo zehatzago esan, ikusleria zabalago baten aurrean zegoela zirudien: batera eta bestera jiraka, eskuak luzatuta foke baten etendura erakusteko, bela espainiarrak madarikatzen. Frantsesak mila aldiz hobeak omen ziren. Fokea eta gainerako tresneria lurrera erortzen utzitakoan egin zuen ikusten zituelako lehenbiziko seinalea. “Zer, dibertitzen al zarete?” esan zien orduan, irria ezpainetan dantzari, eta so geratu zitzaien. Gizon ederra zen, iharra baina gihartsua; normalean gominaz atzeraka orraztua eraman ohi bazuen ere, ile bekoki gainean eroriak gazteago egiten zuen. After shave baten iragarkia gogorarazi ohi zion Iñaki Abaituari. “Berehala naiz zuekin” esan zuen, eta barnealdera itzuliz, ea zer zegoen bazkaritarako.
—Zer nahi zenuke, maite —Susanak, sofa gainean belaunikatuz, Iñaki Abaitua iheslariaren belarri gingilak miazkatzeko ahaleginean.
Edozer gauza, erantzun zion dutxako ur hotsaren gainetik, eta ondoren:
—Ez nekien xakean egitea gustatzen zitzaizunik.
—Eta ez zait gustatzen —eskuak aurpegira eraman zituen, umeek ikasgelan bezala, desorduko barre-algara ito ahal izateko—. Iñakiri plazer emateagatik egin dut.
—Entsalada bat ongi legoke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario