2011-03-30

235. pasartea

Beraz, egun osoa “aquí K 3 para H 20, dígame si me escucha, cambio”, “central a todas las unidades” eta horrelakoak entzuten pasatzen zuen.
Segurtasuna ematen bide zion polizien ahotsak haien ustekabean entzun ahal izateak. Mentalki laguntzen zion, nonbait, ongi ezkutatua egotearen irudipena emanez.
Iñaki Abaituarentzat, ordea, poliziaren nolabaiteko presentzia hura arriskuaren oroigarri etengabea baino ez zen. Horregatik, gauez batik bat, irrati hotsak ikaragarrizko ezinegona eragiten zion, alde egitera bultzatzen zuen antsietatea. Baina ez zitzaion ongi iruditzen etxean bakarrik uztea, eta salan barrena, alde batetik bestera paseoan hasten zen, piztia kaiolaratu bat bezala, edukirik gabeko mezuak, “H 20 para J 30, dígame si me escucha, cambio” eta konexioen zarata elektronikoak entzungai.
Ortiz de Zaratek nabari zion urduritasuna, eta berak ere bazekien hark nabari ziola zigarro kearen atzetik so zekusanean, erabat lasai, arnasa sakonki hartuz, aldi bakoitzean, enfisema txikiren batengatik ziur asko, txistu egiten zuelarik.
Egun batean, goizez, ea beldur zen galdetu zion, eta berak baietz erantzun zion, beldur zela.
Goizetik izan zen. Bezperan oso urduri ibilia zen, arrazoi sobera tarteko —besteak beste, hiztegi lanaren geldialdi berria, m letra amaitu ezinean baitzegoen—, eta “central llamando a todas las unidades” etengabeak bere onetik atera zuen. Kopa bat hartu beharra zeukan, norbaitekin solasean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario