2011-03-30

237. pasartea

Atea itxi gabe itzuli zen salarantz, eta sofa gainean etzan zen, ez biluzteko ez tapakiak ateratzeko lanik hartu gabe. Goizean, ordea, esnatu zenean, atea itxita zegoen, eta bera tapakiz estalita. Egunero bezala, beste ezer baino lehen gosaldu egin zuen, eta gero dutxatu egin zen, ahalik eta hots gutxien ateraz. Egun hartan inoiz baino gehiago desiratzen zuen bestea esnatu gabe kaleratzea, ez zekielako nola aurpegi eman bezperakoari; hark tapakiez estali izanari, alegia. Eskerrak ematea bigunkeria zen, eta gaizki hartua izateko arriskua zuen; aipamenik ez egitea, berriz, zekenkeria iruditzen zitzaion.
Janzten hasi zen. Behar zuen guztia sarrerako kutxa gainean tolestaturik zegoen, baina berehala konturatu zen galtzen kolorea ez zitzaiola inola ere egokitzen galtzerdienari. Mila aldiz esan zion bere buruari ez zuela garrantzirik, bata urdina eta besteak berdeak baziren ere, ez zela hain akats larria, baina azkenerako tema bihurtu zitzaion gelako komodan zituen galtzerdi jakin batzuk hartu beharra.
Beraz, oinutsik sartu, eta komodako kaxoia ireki zuen, oso astiro, azpitik bultza eginda erakarriz, alboko errailetan ahalik eta leunen labain zedin, baina ilunean ezin zituen koloreak bereizi. Gero eta urduriago sentitzen zen; izuturik, hobe esan. Isil-gordeka ibiltzeak berak kutsatzen zion izuaren mende zegoen guztietan bezala, gogoak ihes egiten zion ezertan laguntzen ez zioten pentsamenduetara. Zehaztasun guztiz zetorkion gogora bilatzen zituen galtzerdiek marratxo batzuk zituztela alboetan, eta erosi zituenean desatseginak iruditu zitzaizkiola, baina haiexek erosi zituen, berdeak zirelako, besterik gabe, eta oso ondo zuen gogoan haiek saldu zizkion neska; haren eskuak, batez ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario