2011-03-30

240. pasartea

Artean ez zekien Susanari eskaera nola egin. “Mesede bat eskatu behar dizut” esango zion, eta ikusiko zuen gero, askotan gauzak inprobisazioari utzita hobeto irteten baitziren. Hoberena lehenbailehen mamira jotzea zen. “Mesede bat eskatu behar dizut”, beraz, edo “pertsona bat kendu behar didazu gainetik”. Baina hori zuzenegi hitz egitea izan zitekeen.
Ortiz de Zaratek egunkariren bat eskuratu bide zuen, paper hotsa baitzetorkion gelatik. Erne geratu zen, hotsaren zelatan, zer ote zebilen asmatu nahian. Nabarmena zen, ordea, egunkari baten orriak pasatzen ari zela; ohi zuen bezala, aldez aurretik hatz erakuslea mihian bustiz, ziur asko. Lehenbizi “beti nengoen deitzekotan” esan ziezaiokeela ere pentsatu zuen, baina berehala formula hutsa eta arruntegia iruditu zitzaion, hark deitzen zion bakoitzean erabiltzen zuena gainera.
“Beti nengoen deitzekotan ni ere, baina badakizu zein alferra naizen telefonoz hitz egiteko”. Orriak pasatzen entzuten zuen ozentasunaren arabera, argi zegoen, nolanahi ere, ezinezkoa zitzaiola etxetik deitzea. Izerditan blai zegoen, eta alkandora aldatzea pentsatzen ari zenean, Ortiz de Zaratek gelatik deitu zion. Ez zion sekula izenez deitzen, eta orduan ere ez. “Hi” esan zion. “Hi, poliziak harrapatzen banau, ez zieat ongi tratatu nauanik aitortuko, ezta torturapean ere”. Eta hitz horien ondoren eztanda egin zuen, algaraz, txantxetan ari zela erakusteko, baina Iñaki Abaituari begi-bistakoa iruditu zitzaion bere izuari egiten ziola barre. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario