2011-03-31

191. pasartea

Beraz, ez zuela errukirik izan behar esan zion bere buruari. Gupidarik ez. Bigunegia zen, ordea, malko rimelez tindaturikoen mezu patetikoari entzungor egiteko, eta haren esku bat bere eskuen artean hartzeko bultzadari eutsi behar izan zion. Aurpegia euriari eskainiz, argitsu, marmolezko agertu zitzaion maitasun adierazpen anakroniko hura egin zuenean. “Te quiero con toda el alma” esan baitzuen, eta literatura erromantiko ahaztuaren handiostasuna zuen perpausak bere esanahi gardena gordetzen zuela iruditu zitzaion. “Te quiero”, eta gero, “con toda el alma”. Ez zekien zer esan, eta isilik iraun zuen, euriak hostoetan eta zoru harriztatuan egiten zuen hots konbinazioari adi.
Ez zuten hitzik egin Susanak “ergela naiz, ergel hutsa, ezta?” esan zuen arte, eta orduan “ez zara” erantzun zion, eta, altxatu egin behar zuela pentsatu ondoren, bi eskuak belaunburuetan finkatu, gorputza aurrera bota, eta zutitzen hasi zen, zailtasunez, soinean hamabi arroba hartu bailituen. Lortu zuenean, zutik geratu zen, Susanaren aurrean, euria ilearen erroetan, burutik behera, lepoan, alkandoran barrena sentitzen zuelarik, eta “anem” esan zuen. Gero, ibiltzen hasi zen, pauso arinez, atzean Susanarenak, laburrak eta azkarrak, berari jarraitu ezinik sumatzen zituela, eta horrela gurutzatu zuten parkea, batak bestearen atzetik.
San Cugat-en, eskatu gabe, taxi bat gelditu zitzaien arte. Zoriak auto haren kolore hori-beltza zuela pentsatu zuen atea zabaltzerakoan. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario