2011-03-31

168. pasartea

Oinetakoen korapiloa ongi egiteko, lehenbizi gainetik jarri den soka muturra, azpian utzi behar da bigarren bueltan. Getarian ontziratuta ibili zenean, lanak izan zituen korapiloak egiten ikasteko. Berez, ez zuen lortu ballestrinke sinple bat ere automatikoki egiten, pausoak mentalki eman gabe, alegia. Itsasoan gaizki eginiko korapiloei “baserritar korapiloak” esaten zieten, eta lehorrekoa izanik, makina bat irain eta adar-jotze sufritu behar izan zuen bizpahiru erabilienak egiten ikasi arte. Horregatik, gutxik bezala estimatzen zekien ongi eginiko korapilo baten edertasuna.
Korapilo sinple baina tinkoaz lotu ditu, beraz, baina bide batez, mutur batetik tiratuz, erraz askatzeko modukoak. Gero, hatzak gurutzatuz, fereka denboran urrun baten ausentzia sentituko balu bezala, azken fin ezinbestekoaren esperoan geratu da, eta egunsenti gris hezearen iragarpenaz etsimendu zahar baten oroitzapena nagusitzen zaio bizinahiaren sen ahituari. Amaren komodan ispiluari erantsiriko argazki batek gordetzen zuen sentimendu horren gogoa. Ismael etxean sartu zen egunari dagokio, eta Igeldon tiobiboetako zalditxo gainean ageri da Daniel Zabalegi, komunio txikiko marinel-traje zuriz jantzia. “Buelta bat baino gehiago ez”, esan zion amak, eta muga horren desplazerrak iluntzen zion zaldi gainean egotearen poza. Baina hala eta guztiz ere, irribarrea alaia da amaren aginduz argazkilari txerpolariari begiratzen dionean.
Egun berezia izan zen hura, baina ez zuen amaiera onik izan. Ismaelek ardo gehiegi edan zuen jatorduan, eta gero, Amarako geltokian, trenaren zain zeudela, bizpahiru bider desagertu zen gutxienez kantinarako bidean, eta gauza bera egin zuen Zumaian Urolakoarekin aldaketa egin bitartean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario