2011-03-31

162. pasartea

Ez dago, beraz, inongo apaindura edo efekturik, eta heroikotzat hartzekoa litzatekeen adierazle bakarraz, eskaintzen dioten benda errefusatzeaz alegia, hori hainbat filmetan ikusiriko zeinua imitatuz egiten duela esaten zaigu; nolabait ere, otzantasunez, adorez baino gehiago, ustezko araudia betetzera beharturik sentituko bailitzan. Ez dago biba edo gorarik, hiltzaileen orro izugarria baino ez, eta belabeltzen karraka zerua urratzen, guztia amaitzen denean.
“Kondenatua pasiboki joan ohi da heriotzara bidean” dio Camusek, “inoiz baloretzat hartu izan den halako jarrera isil batean”. “Izuaren isila bakarrik, beldurraren sorgortasuna besterik ez”. Mesfidati da zeinu heroikoez, eta susmoa du, zenbat eta zintzoago den kondenatua, hainbat eta handiago datekeela haren larderia.
Irakurleak errezelo hori izan dezan nahi du Iñaki Abaituak, eta horregatik hurbiltzen gaitu izuak hartutako Daniel Zabalegi batengana, heriotzaren aldez aurreko ikuskizunak eraginiko kimika hotza hauteman dezagun.
Camusek berak dio, edo Sartrek beharbada, intelektualak urkamendian imajinazio handiagoa dutelako direla ustelagoak, ez adore faltaz. Paroles sans suite. Ez dago Nabokoven pertsonaia izan beharrik, Anton Petrovitx izenekoa, demagun, opalozko botoiak lotzerakoan —patuaren harria omen opaloa— aldez aurretik ator zuria odolez gorrituko dela imajinatu ahal izateko. Horrexek bereizten gaitu tximuengandik, esango luke J.J. Lasak, ahaltasun horrexek, eta ez irribarreak.
Etsipenak erabakitzen du portaera, eta hura bai, kulturaren eragina da, hitzaren zentzurik antropologikoenean. Daniel Zabalegik badaki bere patua onartzen. Esango genuke ez duela besterik ikasi bizitza osoan. “Ez dago bueltarik”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario