2011-03-31

150. pasartea

Beraz, bizarginak, pentsatu bezala, “el señor está servido” esan zionean, gogaiturik sentitu zen, zegoenean jarraitzeko gogoz, talkoaren umetako ñabardura inozente eta sekretuaren memoria falta ez zuten usain aitatiar haien babesean.
Azkenean, bizarginak prezioa jakinarazi zionean, altxatu beharra izan zuen. Egunkaria apal gainean utzi zuen, kolorea beren forma bezain biribila izan arren —kobalto-urdina, goroldio-berdea, arrosa beroa— eduki likido erabat duda-mudazkoa zuten flasko mutur zilarrezkodunen ondoan, patrika guztiak non gordeta zeukan ez zekien diruaren bila miatu ahal izateko. Bizarginak lepoa luzatu zuen Losadaren argazkira hurbiltzeko, eta gero, aurreko ispilutik so, “vaya, han matado a otro” esan zuen, sentimendu garbirik adierazi gabe, baina bezeroaren arrotz izaeraz mesfidati, ziur asko. “Bai, bat gehiago” erantzun zion, bat gutxiago erantzun ziezaiokeen bezala, eta berriro ere lehenagoko kezka bera sentitu zuen goardia zibilaren heriotzak poza ematen ziolako. Nolanahi ere, haren aurpegi beltzak izaera zital eta gaiztoa adierazten zuela erabaki zuen.
“Qué cosas” esan zuen bizarginak, eta bizkarra eskuilatzen hasi zitzaion erabateko arretaz, gauza auhengarri haiek Iñaki Abaituaren gorputzean itsatsirik zeudela irudituko bailitzaion, ezabatzeko asmoz bezala. Eta eskuila astinduz ateraino jarraitu zion, azkenean Iñaki Abaituak besotik heldu zion arte, hain zuzen ere “no sé a dónde nos lleva todo esto” esaten zion unean, eta elkarri so geratu ziren baten hitza bestearen keinuari balegokio bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario