2011-03-31

190. pasartea

Iruditu zitzaion nahita ere ezingo zukeela handik altxatu, eskuak belaunburuetan finkatu eta gorputza gehiago makurtuz. Eta bat-batean sentsazio hori izan zuen: mugitzeko, lehenbizi gihar bakoitza bere lekuan jarri beharra zeukala, gero lanean jarriko bazuen; horretara doan prozesu inteligente eta fisiko-mekanikoa, normalean automatikoa, atalez atal, pausoz pauso, prestakuntza zaindu baten ondoren taxutu beharraren kontzientzia.
“Egin aurretik mugimendu oro entseiatzen duk buruan, egiteko gauza izango haizela segurtatzearren” idatziko zuen Daniel Zabalegiz ari zela, izuaren, nekearen, azken batean iristear dagoen heriotzaren hozmindura adierazteko.
Güellen idatzi baitzuen, buruz, harrigarria badirudi ere, artean Daniel Zabalegi epaitzeko zegoela, kaperako eszena burutzen duen pasartea, “egin aurretik mugimendu oro entseiatzen duk buruan” barne-bakarrizketak hasiera ematen diona. Gizon bat heriotzaren aurrean, edo hutsaren ertzean.
Bi eskuak belaunburuetatik altxatu, oso gora, buru pareraino ia, eta gorputzaren alde banatara utzi zituen, eserita zeuden harrizko aulkiaren gainean, eta eskuinekoan Susanarena sentitu zuen, hotz, aulkia estaltzen zuten mosaikoak bezain hotz. Istant bat besterik ez, berehala biak izter artean gordetzen baititu, sua ukituta bezala, eta Susanak ere galtzarbeetan gordetzen ditu bereak, besoak gurutzatuz.
Susana besoak bularrean gurutzatuz aurrera makurtuta, erraietan mina balu bezala, “hainbeste sufriarazi didazu” esatean.
Euria ari zuen Güellen, eta adierazpen haiekin hitzarmen bat hausten zuela iruditzen zitzaion, hitzarmen isil bat, zeinen arabera ez zuten elkar maite beharrik, eta adierazpen haiek lekuz kanpo zeuden.

No hay comentarios:

Publicar un comentario