2011-03-30

220. pasartea

Guztiak geratzen zaizkio so, zoraturik bailegoen, eta horixe esaten dio Abelek, zoraturik dagoela, oihuka berak ere, eta hark, berriz, bakean uzteko erantzuten du, baina oso baxu, ahapeka ia, hunkigarriago gertatzen delarik, doinuaren eta gorpuzkeraren arteko kontraesanagatik. Burua atzera bota eta bi besoak zabaldu baititu, oihuka ari bailitzan.
Momentu horretantxe azaldu da Klara, Juliaren alaba.
Begiak igurtziz eta oinutsik, ipuinetako kamisoi zuri luze batez jantzita. Ezin duela lorik egin, bi eskutxoak irmo erortzen utziz, ezintasuna azpimarratzeko, haurrek, helduak egoera desegokietan atzematen dituztenean, hain ongi menderatzen duten zeinu gaitzeslea begietan.
Denak inguratzen zaizkio, “zer duzu, polita”, “etorri, bihotza”, “nirekin, kuttuna”, gau erdian esna dagoen haur bati darion atsekabeaz hunkiturik. Juliarekin nahi du, eta hark besoetan darama ohera.
Juliak haurra besoetan hartu zuenean, Abelek eta Anek alde egitea erabaki zuten, Ionen protestari jaramonik egin gabe. Ion beti zen lehenbiziko desertzioaren beldur, ongi baitzekien lehenak, epe laburrera, ondorengoei zabaltzen ziela atea, eta haur batek baino beldur handiagoa zion gauez bakarrik geratzeari.
Arantxa eta Alberto, ordea, artean luzaroan geratu ziren gau hartan. Alberto zarabandan, liburutegiko zokoan, eta Arantxa ohiko puf gainean. Ion lurrera irristatu zen besaulkitik, handik Arantxaren belaunetan burua etzan ahal izateko, eta lo planta egiten zuen, harengana hurbiltzeko mugimenduak inkontzienteak zirela sinestarazteko, baina neskak, eskuak bizkarraldetik lurrean kokatuz, gorputza alderatzen zuen ukitu nahi zuten besoa eta aurpegia saihestuz, itxurazkoa sumatzen zuen loa errespetatu nahi zuelako planta eginez berak ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario