2011-03-31

189. pasartea

Hitz egiteko modu ezohiko haren eragina areagotzeko, trumoi batek zeruaren azalera grisa urratu nahi izan zuen. “Behin kontatu zenidan...”. Iñaki Abaituak begiak itxi zituen, oroitzapenaren kontu hartzeak eraginiko beldurrez. Behin kontatu zion Barojaren pertsonaia harena. Ez zuen gogoan izaten pasartea El laberinto de las sirenas ala Amores tardíos-i zegokion. Italian, ilunabarrean, Genoako portura, edo beharbada Napoliko badiara begira dagoen mutilzahar euskalduna. Juan izenekoa, horretaz ziur zegoen, alboan zuen neska gazteak “Don Juan, ezkonduko al gara?” galdetzen, edo, hobe esan, eskatzen baitio. Eta mutilzaharraren erantzuna: “Bueno”.
Damu zen kontatu ziolako, eta ez zuen gogoratu nahi zein abagunetan kontatu zion. Euskaldunen hitz murriztasuna adierazteko, ziur asko. Zeharka begiratuz, malkotan ikusi zuen: sudur txikia gorritua, beheko ezpaina gorantz, sudurrera nahian, ume bat bezala. Patetikoa iruditu zitzaion. Airean abandonatu zuen zigarro bat ateratzeko hasitako mugimendua, asper hutsez, eskua berriro ere alkandoraren patrika paretik jaitsi eta belaunburuan ezartzeko.
Euria ari zuen, baina ez zirudien axola zitzaienik. Objektu abandonatuak ziruditen paisaia distiratsu haren erdian, non zuri, beltz eta grisen ñabardura guztiak platanondoen hosto zabaletan irristatzen baitziren, zutabe bihurritu, zeihar eta apika alferrikakoen mosaikozko gaineztaduran zehar. Guztia zen irreala, euriak, aretoaren magia eta absurdua areagotu bailituen.
—Lo siento —esan zuen, negarraren zergatiaz galdetu zionean—, soy tan estúpida.

No hay comentarios:

Publicar un comentario