2011-03-31

140. pasartea

Buru gainetik altxatu zituen “¡Alto a la Guardia Civil!” entzundakoan; gero, berriz jaitsi zituen, oso poliki, ahots andaluz batek agindu bezala. Bi fokuren argia jaso zuen aurpegian. Karneta emateko! “¿No le parece?”. Baietz erantzun zuen tentelki, irri eginez, esku bat bekokian bisera gisa, “un poco lejos de su casa para ir a pie, ¿no le parece?” galdetu ziotenean, eta esplika zezakeela esaterakoan ere, ezpainak luzatzen saiatu zen, minbera sentitzen zituen arren, irribarrea mantentzen ahaleginduz. “Ya nos lo explicará en la comandancia, ¿verdad usted?”.
Así le ahorramos el taxi —erantsi zuen metraileta laburraren kanoiaz land roverra seinalatzen zionak.
Atzera begiratu zuen, gauza bera adierazteko, “andando padentro” oihukatuz, armaren kanoia omoplatoen artean, laugarren orno zoritxarrekoan —amaren ustez umetako istripu batean alboraturikoan— kokatu zionaren aurpegia ikusi nahian. Ezina gertatu zitzaion, harkaitzetako bidetik azaldu berria zen autoaren fokuek kontrargitan hartu baitzuten.
Salbaturik sentitu zen Susana linternaren argipera irteten ikusi zuenean. Esku bat bekokian jarria zuen bisera gisa hark ere.
Gracias por habérmelo encontrado, agentes —esan zien, eta berarengana hurbildu zen, “qué tonto eres, pero qué tonto eres”, beso artean gordetzeko. Iñaki Abaituak alboko goardia zibilari begiratu zion, ikaraz, baina hark, kanoia jaitsiz, “buenas noches, señorita” esan zuen.
Susanak ez zion erantzun, ordea, graduaziorik gorenekoa bilatu zuen begiez, eta azkenean, bi hatzak trikornioaren ertzera eramanez, “muy buenas noches, señora” atsegin batez agurtu zuenari hitz egin zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario