2011-03-31

181. pasartea

Otzanki onartu ohi zuen sexu saioa, haren sua baretzea gero eta zailago bazitzaion ere. Azkenerako higuingarri gertatu zitzaion haren aho txikia, muxin egiteko ateratzen zuen mutturtxoa, —”ez nauzu maite, ez nauzu batere maite, gaizto horrek”—. Higuingarri gertatu zitzaion aho hura, zabal-zabal egin eta, goseti, amaierarik gabeko mihia berearen bila luzatzen zuenean, berak estoikoki estuturik zeuzkan hortzen kontra.
Lehenbiziko egunean Susanak xake taula atera eta “guk jokaldi bat egingo dugu” esan zuen, Diegok, itsasorako jantzita, ea norbaitek berarekin vaurienean ontziratu nahi zuen galdetu zienean. Iñaki Abaituak baietz erantzungo ziokeen, eskaintzak sinesmen handirik gabe egina bazirudien ere, baina Susana bizkor aurreratu zitzaion, jokaldi bat egin behar zutela esanez.
—Xakea, zailegia niretzat —esan zuen senarrak, etsipen planta eginez.
Iñaki Abaituak, Flauberten topikoen hiztegia gogoan, “xakea, gutxiegi zientzia izateko eta gehiegi jolas gisa” erantzun zionean, poztu egin zen jolasa mespretxatzeko argudio hura ezagutzeaz.
—Eso está muy bien, hori da arrazoia —esan zuen alai, bere zakua bizkarrean hartu eta atean desagertu baino lehen. Hura irten bezain pronto, Susanak atea barrendik itxi eta sofa gainera bultzatu zuen.
Iñaki Abaituak ezin eragotzi zion bere buruari leihotik zehar begiratzea, eta sexuarenak bete bitartean, haurrak ikusten zituen hondarretan tontortxoak egiten, eta Diego meta forma zuen harkaitz baten atzean agertzen eta desagertzen. Eskuineko angelutik bistaz galtzen zuenean, urduritu egiten zen lehorreratua ote zen pentsatuz. Susanak, lasaitzeko, hura itsasoan munduaz ahazten zela eta gutxienez pare bat ordurako bazuela esaten zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario