2011-03-31

171. pasartea

Badaki, beraz, atean azaldu baino lehen, bila datozkiola, eta zutik aurki dezaten nahi du. Bi eskuak belaunburuetan bermatzen ditu, gorputza aurreratuz, altxatzeko beharko duen indarra aldez aurretik gerrian biltzeko ahaleginean.  “Aldez aurretik mugimendu oro entseiatu behar duk, egiteko gauza izango haizela ziurtatzeko. Hitaz aparte inork ez zekik mugimendu bakoitza, sinpleena ere, ikasi berria duala, prozesu luze eta nekoso baten ondorio dela”. Zer esango dioten asmatu nahi du. “Ordua da”, agian, edo “iritsi da ordua”. Ez diote altxatzeko esango, zutik aurkituko baitute. Eta zutitu egin da, eragozpen handirik gabe, belaunetako hozmindura besterik ez, hezetasunaren eraginez betidanik izan duena. Zutitu bezain laster, ordea, duda du oinetako haiekin bi urrats emateko gauza izango ote den, hain dauzka estu. Baina berriro eseri eta korapiloak, eskuinekoa behintzat, apur bat lasaitzea bururatzen zaion arren, ez du halakorik egiten; batetik, eseriz gero bere kabuz ostera altxatzeko indarraz fida ez delako, baina batez ere ez lukeelako nahi zapatek mina ematen diotenik nabari dezaten, aurreiritzi zahar baten aginduz, oinetako mina miseriarekin lotzen duelako, eta ez du miserable agertu nahi.
“Iritsi da ordua” esan diote. Antsiaz, aurpegi ezagun baten bila, lehenbizi gaingiroki, gero ausentzia ezin sinetsiko bailuen, banan-banan, behin eta berriro aztertzen ditu galerian barrena agertu direnak, haien artean nahi lukeena aurkitu ezinik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario