2011-03-30

215. pasartea

Daniel Zabalegi non eta nola ezagutu zuen, nola Atraskuan, masailean ardo koloreko orbain harekin ikusitakoan, kontrazeinuak alferrik zirela pentsatu arren, “gu gara Getariako arrantzaleak” esan zion. Gero Muturbeltzek, tabernariari “hauek dituk espero nituen lagunak” esan ondoren —hark ez zien jaramonik egin, taberna gainezka baitzegoen—, goiko solairuan zegoen etxe batera eraman zituen. Horixe esan zion poliziari, hitz egiteko gauza izan zenean. Eta berak jarri zuela martxan bezperan Tolosan lapurturiko vespa, SS 51976 berdea, Losada kaboak, bolante gainera eroritakoan, bere 850 zuriaren klaxona bekokiaz jotzen zuen bitartean. Hots hura ez omen zuen inoiz ahaztuko.
Ahaztezinak ziruditen heriotza haietako baten berri eman zuen irratiak. Arantxak zehaztasunak ematen ditu. Zelataren ustekabea, itxaroten ari zaien poliziak ezagutzen duen Ergobiako zita, Martutene eta Hernani bitartean, errepide ondoko taberna batean. Eskatzen dituzten edariak, ardo zuria eta kas laranjazkoa, ezpainak bustitzeko aukerarik izango ez bazuten ere. Tabernariari edo bezeroren bati komentatu ziotena. “Giro ona tomatea aldatzeko” esan omen zuen erabat zerraldo jausi aurretik, eskuak barrari helduta, zerrauts gainean belauniko geratu zenak, eta, belauniko, zeinu bat egiten omen zuen eskuineko eskuaz, norbaiti alde egiteko aginduz bezala. Bistan omen zegoen norbaiten zain zeudela; handik ordu erdira goardia zibilek Ibaetan atzeman zituztenen zain, Arantxaren ustetan.
—Eta atzetik bazebiltzan, zergatik bi garbitu, denak bil zitezen itxaron ordez?

No hay comentarios:

Publicar un comentario