2011-03-31

183. pasartea

Ia beti, entsalada besterik ez zuten jaten, espezia belar eta oliba askorekin. Bazkalondoan, kanpora bidaltzen zituzten haurrak beren balde eta palekin, eta Susana eta Diego gelan sartzen ziren. Iñaki Abaitua sofa gainean etzanda geratzen zen, libururen bat eskuartean.
Bazekien ezingo zuela irakurri, berehala hasiko zirela ohiko kexuak, irain obszenoak, isilune kezkagarriak, arnasa estuak, plazerra baino, oinazea adierazten zuten oihu itoak. Liburua eskutik utzi gabe, paralizaturik entzuten zituen, miretsirik, hunkiturik ere bai, izuturik agian, eta azkenean, borroka adierazpenak urritu ahala gozamen askatzaile bihurtzen zirenean, lasaitu egiten zen bera ere.
Antsietatearekin zerikusia zuen sentimendu larriaz itxaron ohi zuen arratsaldeko ordu hura, inondik ere atsegina ez zitzaion arren. Ziur asko, sentimendu anbiguo edo bikoitz batek lotzen zuen sofa gainean, eta ez zen inoiz ere gauza izan entzukizun hari ihes egiteko. Ziur asko, beste sentimendu ilunagoen artean, ez zuelako nahi beren ohe saioekin urduritu edo eskandalizatu egiten zutenik pentsa zezaten. Bai baitzekiten, horretan ez zuen zalantzarik, atearen bestaldean partaide zela.
Susana albornoz bat jantzita irteten zen gelatik, erabat alai. Maitekor hitz egiten bazion ere, bazen aldaketarik siestaren ondorengo orduetan. Helduago zirudien, eta orduan berak ere haurra bailitzan tratatzen zuen Iñaki Abaitua, senar-emazteen arteko lotura indartzearekin, berena banalizatu edo agian inozente bihurtu nahian. “Nahi al zenuke kafetxo bat, maite?” esango zion, Diegok gelatik entzuteko moduan; hain zuzen ere, tratu maitekorra susmagarria gerta ez zedin; eta etxekoandre arduratu baten gisan, apaletako apaingarriak ordenatzeari edo loreei ura botatzeari ekiten zion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario