2011-03-30

238. pasartea

Hatzak oso luzeak zituen, eta azazkalak ere bai, laka gorri-gorriz margotuak, eta haur-eraztun bat eskuineko txikian, edo ezkerrekoan, hori ez zekien ongi. “Banekien hauek erosiko zenituela” esan zion, eta sentsualitatez beteriko ahotsa iruditzen zitzaion. Dendan ez zitzaion hala iruditu, baina oroitzapenean bai.
Oso leun eta astiro esan zuen, “banekien” lehenbizi, eta gero, pausa luze samar baten ondoren, “hauek aukeratuko zenituela”. Ez zen ausartu galdetzen ea zergatik zekien; beharbada formula hutsa zen, adeitasuna erakusteko, guztiekin erabiltzen zuena; edo agian egia zen bere janzteko jiteari zegozkiola, eta hori adierazi nahi zuen.
Emakume haren aurpegia zehaztu nahian ari zen Ortiz de Zarateren ahotsa entzun zuenean, eta lapurretan harrapatu izan balute bezala sentitu zen. Esku artean zituen galtzerdiak patrikan gordetzen saiatu zen, ez zezan pentsa huskeria batengatik iratzartzen ausartu zenik.
—Piztu dezakek argia, esna nagok eta —horixe esan zuen, baina berak piztu zion ohetik.
Iñaki Abaitua jiratu zenean, ohean eserita zegoen hura, zigarroa ezpainetan. Besoa luzatu eta urrezko omega zaharra hartu zuen, ordua begiratuz “gaur berandu habil” esateko. Gero, kuerda ematen hasi zitzaion.
Nola ematen zion ikustean, hain zakarki —ez aitak berari irakatsi bezala, aurrera-atzera, aurrera-atzera—, modu egokia erakustekotan egon zen. Baina ez zuen halakorik egin. Gelara itzultzeko asmoz pauso bat atzera ematera zihoanean, hark zigarroa piztu zuen, eta itxaroteko esan zion —edo agindu zion, zehazkiago—. Geldi-geldi geratu zen.
—Alde egitea nahi huke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario