2011-03-31

154. pasartea

Fusilatzera zihoazen gizon gazteari, adreiluzko hormaren kontra eserita, paperezko diana bat jarri zioten paparrean, eta irudi horri alderdiaren egoitzan etekinik handiena nola lortu eztabaidatzen zuten alderdikideenak kontrajartzen zitzaizkion, baina Iñaki Abaituak ez zituen ikusten, begiak itxita jarraitzen baitzuen Daniel Zabalegiren irudia zehaztu nahian, leihatila aurrean makurtu zenean: “Gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira” esatean. Eta irribarre egin zuen, irribarre tristea, ardo kolorez estaliriko masailean mina hartuko bailuen. Ez zekien zein aldetan zuen angioma higuingarri hura, zehaztu nahi izan zuenerako aldendurik baitzen leihatilatik, baina gogoan du Ortiz de Zaratek, berriz ere martxan jarri zirenean, “babo horrek matrikula gogoan hartzen ez badu behintzat”, esan zuela.
Hatz izoztu baten ukitua sentitzen du bizkarrezurrean zehar, pentsatuz bere matrikula gogoan gordea zukeen gizon hura izan zitekeela egunkarian Losada kaboaren hilketan “bertako laguntzaile derrigorrezko” aipatzen zutena, eta Ortiz de Zarate —artean Belarte berarentzat— tiroka aritu zirenetako bat, edo komandoburua agian. Eta jadanik haien bila zebilkeela polizia, eta beraren bila ere bai. Hipotentsioaren eraginez zorabioaren zurrunbiloan erortzen sentitzen delarik, begiak zabaltzen ditu, konortea galtzeko beldur, hain zuzen ere gizon gaztea, txori baten hegada entzun duelarik, “txori bat, txori bat” oihuka hasten denean, burua astinduz eta besagainen laguntzaz benda beltza kentzeko ahaleginean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario