2011-03-31

175. pasartea

San Paueko erizainen etxera bakarrik joateko adina ausardia ba ote zuen galdetu zion bere buruari. Bebarrua haurtzaindegi baten iragarkia zuelako ezagutu zuen. El tío bibo, pailazoen figura zuten koloreetako letrez idatzia. Gogoan zuen nola Ion eta biak elkarrekin izan ziren lehen aldian, hark, bibo-ren idazkerari erreparatzean, kontatu zion eskola denboran, gazteleraren b eta v letrak ezin bereizi zituenez —euskaraz v-rik ez, eta bera euskalduna izan—, dena b-z idazteko eskubidea aldarrikatzen zuela. Hartara, aitortu zion, zentzu politikoz jantzi zuen ezintasun ortografikoa.
Bigarren solairurako bidean, artean ez zekien zer argudio erabiliko zuen bere presentzia justifikatzeko, eta ohiko erabakiezina bentzutuz azkenik tinbrea jo zuenean ere ez. Beraz, itxura atsegineko ilegorri batek atea ireki zionean, isilik iraun zuen une luze batez, haren edertasunaz miretsita bezala. Emakumeak irribarre atseginez begiratzen zion, bere eraginaz jabetuta noski, eta azkenean “Ion hemen al dago?” galdetzea lortu zuen; ez argiegi, ordea, edo presatuegi beharbada, besteak, irribarrea ezabatuz, bekokian galdera seinale ezin argiagoa erakutsi baitzion.
Preguntaba por Ion —argitu zuen pauso bat atzera emanez, barkazio formularen bat bota eta alde egiteko prest, baina emakumeak, ukalondotik helduz, barnealdera erakarri zuen. Bizpahiru ahots entzuten ziren batera, eztabaidan ari bailiran.
Preguntan por Ion —egin zien oihu.
—Nork?

No hay comentarios:

Publicar un comentario