2011-03-30

330. pasartea

Besagainak altxatu zituen Albertoren ziriari erantzuteko, Horneyren “Die Angst vor der Frau” errezitatuz. Bazkaltzeko espero zuela esan zion amak. Edozein aitzakia eman baziezaiokeen ere —ohikoa, besterik gabe, laneko bazkari bat—, egiaz gertaturikoa esan zion. Ez zekien zergatik, kezkatzeko plazer hutsez ala alderantziz, bazekielako hura harro sentituko zela.
Ea tratu txarrik eman zioten, eta berak ezetz, garrantzirik eman nahi ezta bezala, esaten dena baino zerbait gehiago dagoela adierazteko moduan. Aita ere han bertan, Ondarretako kartzelan egona zela, amak, ahotsean emozioa nabari. Gero hitz erdika hasi zitzaion, telefonoa hartuta zegoelakoan, eta azkenean Iñaki Abaituak ez zion deus ulertu agindu ezkutuak ematen hasi zitzaionean.
“Ingalaterrako erregina” aipatuz, besteak beste Entre la libertad y la revolución eta Agirre lehendakariak aitari eskainitako argazkia berriro izeba Ixabelen ohe azpira zihoazela esan nahi zuen. Bazekien maleta izebaren etxera garraiatuko zuela, bere iritzian arriskutsuak ziren liburu eta paperez josita, ustez segurtasun arau guztiak betez —etengabe ezker-eskuin begira, alegia—, eta Albertori lan horretan ikusteko gonbita egitekotan egon bazen ere, azkenean ez zion egin.
—Joango al gara?
Errepidea gurutzatu zutenean, itsasoak eskaintzen duen ikuskizun beti berritua ikusi zuten. “La mer toujours recomencée” “Verlaine?” galdetu zion Albertok. “Valéry”. “Of course, Valéry, Paul, Le cimetière marin”. Ikuskizunera eman ziren. Azaleko berde argi guztiak ikarati mugitzen ziren joan-etorri laburreko ibilian, sakoneko berde ilunaz desjabeturik, noraezean bezala.
—Ze topikoa, itsaso urdina. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario