2011-03-31

186. pasartea

Ez da zaila imajinatzen Panerok Paveseren memorian eginiko bertsoak dituela gogoan; adibidez, “Biharamunean Cesare Pavesek ez zuen gosaririk eskatu”, gau-mahai gaineko pilula txikiez eta uraren basoaz mintzo diren haiek. Poetak hil aurretik izan zuen azken ziurtasun bakarraz jantzia bera ere: jadanik ez zuela gehiago bakarrik lo egingo hoteleko gela batean.
Harik eta, gogaitasunaren gorenean, arratsalde euritsuaren eraginez, malenkonia ere lagun, Susanari telefonoz deitzea erabaki zuen arte. Bere ordura arteko isiltasunaren aitzakiatzat, azkenekoz elkar ikusi zutenetik Donostiara joan eta, arazo informatikoak zirela medio, berriz ere itzuli beharrean gertatu zela esan zion Susanari, aitzakiaren sinesgarritasunaz asko arduratu gabe. Hiztegigintzan zebilenetik, arazo informatikoak izan ohi ziren zernahitarako erabiltzen zuen aitzakia. “Badakizu, ordenagailu zikin horiek...”, eta esplikazioa eten-puntuen arrasto iheskorrarekin batera desegiten zen airean. Ezin izan zion esan noiztik zegoen Bartzelonan —”bi egun, ez dakit, lanpeturik ibili naiz”—, ez baitzen gauza asmazio koherente bat eraikitzeko. Nolanahi ere, ez zirudien Susanari ere askorik axola zitzaionik. Ikusteko irrikaz zegoela erantzun zion, horrelakorik nola zitekeen ez bazekien ere, oso gaizki portatzen baitzen berarekin. Oso-oso gaizki gero.
Lehenbiziko hitzetik damutu ohi zen deitzeko ahuleziaz, nolabait ere, bere buruarekiko estimuarentzat ez baitzen kontsolagarria haren beharrean gertatzea. Oraingo honetan ere berdin gertatu zitzaion. Hala ere, egun osoa egin zuten hotelean, gelatik irten gabe. Iluntze aldera, Susanak, alde egin behar zuenean, ohetik altxatu, jantzi, eta garajetik —harreragunea saihestuz beti— kaleraino laguntzera behartu zuen, “dama bati dagokionez”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario