2011-03-30

214. pasartea

Hitz egiteko gauza izan zenean, deklaratuko zuen goardia zibilez inguraturik zegoela jabetzean bere burua hil nahi izan zuela, eta ahalegin horretan kanoia lokiaren kontra kokatu zuela, metraileta rafagan zeukalakoan. Hori esan zion abokatuari ere, heriotza zigorra jasotzeko arrisku gutxiago izango zuelakoan, hark, Daniel Zabalegiren auzia utzi ondoren, harena hartu zuenean: ustez rafagan zeukan arma balaz balakoan zegoela.
Hori izan zen gertaturikoa, eta horrela azaltzen da Hamaika Pauso-n ere, baina garai hartan goardia zibil batek lurrean zegoela tirokatu zuela zabaldu zen. Iñaki Abaituak nahiago izan zuen egia; kontsiderazio etikoak alde batera, egiak literarioki zentzu gehiago zuelako, gehienetan gertatu ohi denez; dramatikoagoa zelako, alegia.
Gazte batek bere burua goardia zibilei entregatzea baino heriotza nahiago izateak adieraziko luke, besteak beste, haiengandik heriotza bera baino erantzun ikaragarriagoa espero zuela. Baina —hein batean, jendearen funts atzerakoia dela medio—, suizidioa arbuiagarria gertatzen delako, eta propagandak, herrikoia denean ere mezu primario eta sinplea behar duenez —eta suizidioaren eduki existentzialista ez da sinplea—, hilketaren tesia zabaldu zen, sinesgaitza zirudien arren.
Sinesgaiztasun hori erakusten du Ionek “baina horrela hil dute, mundu guztiaren aurrean?” galdetzean. Eta Arantxak “mundu guztiaren aurrean, bai, putaseme horiek mundu guztiaren aurrean hil dute, gupidarik gabe”.
Esan bezala, Xabier Garmendia Apaolaza ez zen hil, eta bizirik dirau nonbait, Gipuzkoako Goierrin ziur asko, galera fisikoak nahiz psikikoak ia erabat gaindituta, eta nahi balu kontatuko luke gauzak nola gertatu ziren. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario