2011-03-31

176. pasartea

Pontxodunaren ahotsa iruditu zitzaion. Bildurik zeuden dozenaren bat pertsona ingururen artean, pontxoduna besterik ez zuen ezagutzen. “Sin falta etorriko dela esan dit eguerdian” jakinarazi zion. Gizonezko bakarra zen. Ile kizkur beltz, nahasi eta ugaria hazten zitzaion kasko erdiko soilune biribilaren inguruan. Rosa ere azalduko zela erantsi zuen.
Etxeko jabeaz ari zitzaiola erabaki zuen, aurrez eginiko bisitetan ezaguturiko erizainetakoren batez. Unetxo bat itxarongo ziola, presaka zebilela eta. Besteek, beraren presentziaz ahaztuta, etendako solasari ekin zioten.
Orduan ingurunea patxadaz aztertzeko aukera izan zuen, lehenbiziko inpresioa egiaztatzeko. Ilegorria zen edadetuena, berrogei inguru, eta gainerakoek ez zuten interes handirik, burua astinduz adats luzea behin eta berriz haizatzen zuen neska garai bat izan ezik. Alkandora eta galtza tejanoak zeramatzan, eta bota luze kanperoak tatxet ugariz hornituta. Haren presentziak esperantza izpi batez argitu zuen, baina ez luzaroan, bere so egite tematiari erreparatzean, beso bat pontxo berdedunaren gerrira luzatu, eta burua besagainean kokatu baitzion maitekiro.
Emakume heldua gizon latinoaren sexualitatea erabat berekoia dela esaten ari zen, berak, etsita, bista adats luzedunagandik aldendu zuenean. “Gizon latinoak oherik ere ez du konpartitzen”. Eta oso adibide adierazgarria jarriko zuela ziurtatu zien. “Hemengo gizonak, hazia isur­tzen duenean, badoala esaten du, —”me voy” esan zuen—, eta ingelesez mintzo direnek, berriz, I’m coming, banator. Hori entrega da, konturatzen al zarete?”, eta besoak zabaldu zituen, begi-bistakoa zela azpimarratzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario