2011-03-31

155. pasartea

Lortzen duenerako txoria desagertua da, ordea, eta bere begiek ez dute errezel tarteetatik ageri diren kanoien begirada iluna baino aurkitzen, eta elkarri so irauten dute kanoiek eta biktimak, isiltasun sakonenean, amaigabea dirudien istant batez, gazteak berak “fuego” aginduz hausten duen arte. Eta, astindu labur baten ondoren bular gainera erortzen zaio burua, paperezko diana zulatuan hiltzaileen punteria egiaztatu nahi bailuen. Berriz ere heriotzari dagokion isiltasuna. Isiltasun sakon horretan, gorpuaren lehen planoa; medikua bihotz hila auskultatzen ari zaion bitartean, plano luzea, paisaia berde bete batekin fundituz doana; eta zeru urdinean gaininprimaturik, askatasunaren haizeak eraman eta mendi-ibarretan zehar hedatuko diren errautsez mintzo den testamentu politikoa ageri da.
Hitzek pantailan diraute argiak piztu ondoren ere, heriotzaren ikuspen materialista idealizatu inozoenaren eredu. Hori esan ohi zuen errautsei buruzko poetikaren azalpenen bat egiten bazioten. Eta adarra jotzeko egiten zizkioten sarritan.
Beste askotan bezala, errietan amaitu zuten egun hartan ere. Beste askotan bezala, ordukoan ere esaldi ikaragarri haiek bota zituen latinez bere ahots lodi eta sakonaz. Esaterako, San Pablok korintoarrei hitz egingo liekeen bezala, besoak zabalduz, “non datza, oi herio, zure eztena; non, oi herio, zure garaipena”; azkenerako, hura ez zitzaien dibertigarri gertatzen eta, horregatik, barrezka hasten ziren norbaitek ergelkeriaren bat erantzuten zionean. Egun hartan, Arantxak, “oi ez, hautsi ditu angustiaren urak” esan zuen, “libra gaitzazu gaitzetik amen”, gurutze santua eginez. Antzeko gauzak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario