2011-03-30

221. pasartea

Itzuli da Julia. Hatz txikiaren eta nagiaren artean eusten dion zigarroa erretzen, kea goseti irentsiz. Oinetan esertzen zaio Iñaki Abaituari, artilezko alfonbra zuriaren gainean, eta zigarroa uzten ez duten hatz gihartsuak haren hatzei lotzen zaizkie, gora egiten dute, xalto ttikika, eserlekuaren albo batean abandonaturik daukan besoan zehar, lepoaren bila. Zehatzak dira hatz gihartsuen mugimenduak. Eta Iñaki Abaitua haragiaren tristeziaz mintzo den kanta baten leloaz oroitzen da.
—Maitasuna egin nahi nuke —esaten du, zergatik jakin gabe, edan izanak ematen dion ausardiaz profitatzeko, besterik gabe. Nolanahi ere, egin nahi lukeen edo egin dezakeen azken gauza da maitasuna, ahituta sentitzen baita, une batetik bestera ingurune guztia zorabio batean bueltaka hasiko ote zaion beldur. “Besarkatu egin nahi zintuzket” esan behar ziokeen, norbaiten besoetan gordetzeko gogoa baitu.
Baina “maitasuna egin nahi nuke” esan du, eta Juliak “nik ere nahi dut” erantzuten dio, belauniko jarriz, gerritik besarkatzen duelarik, altxa dadin. Gero, pausoa baldar, ibilera zalantzakor, sala gurutzatzen dute, Arantxa eta Ionen aurretik pasatzean —Ion etzana, ustez iluntasunean gordea, eta Arantxa zurrun, haren buruari magalean eutsiz, gorpu baten beilan bailegoen— haien begirada nabarmenaren deserosotasuna sentituz.
Iñaki Abaituak lehen aldiz dakusa erretratua Juliaren oheburuan: zerbaitetan, argiaren ñabarduran apika, tristezia zehazkaitz batek ukitutako begi beltz sakonak; doi sumatzen den irribarre baten itzalari eutsi nahi dioten ezpain ilun gordinak.
—Nor da? —galdetzen du.
—Jakingo bazenu —eta irribarre egiten du, ezpain ertz bat ozta-ozta mugituz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario