2011-03-31

209. pasartea

Baina eskuko poltsa eta fitxen kaxa eskuetan daramatzala Norteko geltokiko irteerarantz doan horretan, Perez Gil bizirik dago oraindik, eta Perejil da mundu guztiarentzat. Artxibategi bizi bat. Mundu guztiak daki hori, Iñaki Abaituak ere bai. Horregatik, hark begiak fardeletan tinkatu dizkiola deritzolako, kioskoan geratzen da La Voz de España erosteko, naturaltasuna eta axolagabetasuna baitagozkio, ustez, egunkaria erosteari, baina berehala konturatzen da egunkaria besazpian trabagarria gertatzen zaiola ibiltzeko, eta are trabagarriago gertatuko litzaiokeela jakaren sakelan.
Pentsamendu haiek buruan, pausoa laburtu zuen oharkabean, eta biziagotu, inspektorearengana ahalik eta azkarren iritsi nahian bezala, “qué lleva usted” esan ziezaion. “Qué lleva usted ahí”, fitaz fitxen kaxa seinalatuz, kaxa hain zuzen, ez eskuko poltsa, eskuko poltsan alkandorak, galtzerdiak, elastikoak eta gisa horretako eduki inozentea baitzeraman. Eta bere burua lasaitu nahi luke hiztegiaren fitxak ere gauza inozenteak direla pentsatuz, azken batean aurrezki kutxak ordaintzen zuen lan bat, eta higuina sentitzen zuen bere buruaz, koldarkeriaren miseriak jota zegoelako.
Fisikoki kiratsa dario koldarkeriari. J.J. Lasak esan ez bazion, esan ziezaiokeen, behin, laborategietan arratoien ikara neurtzeko eginiko esperimentuez hitz egin zion hartan. Hain zuzen ere, oroitzapen hori dabilkio buruan, J.J. Lasa arratoiez hitz egiten, estuasunean dagoen guztietan bezala. Gogoa pentsamentu desgaraiko eta alferrikakoek hartua, pentsatu beharko lukeena pentsatzea eragozten dioten huskeriak. Orduan, bere atzetik, gizon bat lerrotik atera eta, beso-zabalik, Perejilengana aurreratzen da. Bi besoak zabalik, eta “aspaldiko” esaten dio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario