2011-03-31

193. pasartea

Ohe-bagoian, errebeldia sentipen batek bultzatuta Aurrezki kutxan hiztegiaren administrazioaz arduratzen zen burokratak, ordea, fakturaz justifikaturiko edozein gastu, baita bitxiena ere, onartzen zion bezala, paperik ezean atzera botako zion ordainketa arrazoizkoena. Horregatik, treneko ohearena bezala, justifikatzen errazak zirenean, ahalik eta aukera garestienak egiten zituen, bestelakoak —ez zen ohitzen, bereziki, Bartzelonako trafiko ugarian, gehienetan bidea oztopatuz geratzen ziren taxistei faktura eskatzera— bere patrikatik pagatu beharraren ordainetan.
Zutik doa, beraz, bere konpartimentuko atearen kontra jarrita orain, leihatilatik lur lehorraren koloreko etxeak zeru kobalto-urdinaren kontra ikusten dituela. Gaua supituki jausiko da, diapositiba aldaketa baten modura, baina erabat beltza izatera iritsi gabe. Beti gordeko du urdinaren argi-ukitua.
Susana datorkio gogora, geltokiko kiosko ondoan zutik, negarraren arrasto nabarmena aurpegian, eskuak bata besteari emanda altzo gainean, eta eskuinekotik lore gorri bat zintzilik. Larrosa bat. “Banekien ihes egingo zenidala” dio, maitekor, haserrerik erakutsi gabe. Berak ez dio deus erantzuten; ezusteak tentsio aldaketa eragiten dio, eta zorabio leun bat, une batez begiak ixtera behartzen duena. Ez daki zer esan, eta argudio bat bilatzen du, desesperaturik. Ez daki zerk umiliatzen duen gehiago, gezurretan ala ihesean harrapatua izateak. “Batzuetan, indartsuak alde egiteko kemenik ez duenean, ahulak egin behar du ihes” esaten du ahapeka, salbabide dakusan trenari zehar-begiratuka. “Berriro ikusi nahi zintudan”. Ume babesgabea zirudien, beharbada poltsarik gabe, esku hutsik zegoelako, berari eskaintzen zion larrosa besterik ez. “En prueba de mi amor, te ofrezco esta flor” esan zion, gaiztoa nahi zukeen irribarrez, eta jendartean desagertu zen gero.

No hay comentarios:

Publicar un comentario