2011-03-31

174. pasartea

Leihatila irekitik begira egin zuen bidaia, erdigunetik aldirietara igo ahala nabari zituen kolore, soinu eta usain aldaketak zehaztu nahian. Lur usain betea espezien urrina iruditzen zitzaionaren ukitu batekin nahastuta sentitzean geldiarazi zuen taxista, besteak beste, haren esakizunek, bide asfaltatu gabeari eta autoaren suspentsioa hondatzeko arriskuari buruz, asperturik zeukatelako. Beheko argi dirdaitsuen islak —argitasun eztanda baten ondorio zirudien— areagotu egiten zuen goiko iluntasuna, kolore okreek beren presentzia beroa inposatzea lortzen bazuten ere. Urruti zeuden itsaso grisean amiltzen ziren harlasta beltzak.
Kale osoa miatu zuen goitik behera, Ortiz de Zarate eta biak egon ziren taberna atzeman nahian. Ordu hartan kolmadoak irekita zeuden, eta azpitik salmueraren ukitua zuen usaina, sardinzaharrei eta bakailao zintzilikatuei zeriena, fruta helduarenarekin nahasian bateratzen zitzaion lur bustiari zerionari. Bizpahiru ziren hark bezala kaleko atea plastikozko zinta koloreetakoekin estalia zutenak, baina ez zuen bilatzen zuena aurkitu. Ortiz de Zaratek Frantziara pasa zezaten itxaroten zegoela aitortu zionekoa.
Bi minutuz behin galdetzen zion ordua eta, haren egoera aintzakotzat hartuta, urrezko omega zaharra eskaintzera beharturik sentitu zen. Orduan ez zekien Ortiz de Zarate zenik ere, Nabarte edo Zabarte izena eman baitzion, Belarte agian, eta orain ere, haren aztarnen bila zebilelarik, artean ez zekien. Ez zuen askoz geroago arte jakingo. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario