2011-03-31

207. pasartea

Burdinazko zubian zehar, binbilikaren oihartzunari erreflexu baldintzaturen baten bidez erantzunez-edo —pentsatu gabe egin baitzuen—, bidai poltsa esku batean eta hiztegiaren “ikus-madarikatu” fitxa saila gordetzen zuen kartoizko kaxa besazpian hartu eta plataformara bideratu zen. Artean Amarako farolak piztuta zeuden ibai ertzean, eta laranja hits bat islatzen zuten udazkeneko zeru urdin-arrearen kontra.
Sirenaren aienea itsas lainoa urratzerakoan bezala, pentsatu zuen, bi argitasun kontrajarrien ikuskizunaren eraginez. Eta eskuak izerdi hotzetan bustita sentitu zituen, mekanikoki, erreflexu baldintzatu bati erantzunez bezala berriro ere. Hori ez zitzaion gertatzen argi alferrikako haiek Zurriola zubiko farola erraldoiak gogorarazten zizkiotelako, eta horrekin batera, sarritan, haien isla zurbila etxerako bidean gidari, lagun izan zituen edan txarraren ondoeza eta hezetasun itsastarra. Urduritasunaren ondorioz gertatzen zitzaion.
Poltsa eta paketea lurrean utzi eta izerdi hotz likina lehortu behar izan zuen.
Urduritasunak eragindako izerdi hotz likina zen hura. Ikararen erantzun biologikoa. J.J. Lasaren epinefrina izeneko hauts zuriaren eragina zainetan. Ikaraz inoiz ere ez zutela behar bezala hitz egin iruditu zitzaion damuz. Gairik pribatuena zen ikara. Ikara sentitzearen miseria, koldar izatearen lotsa, azken batean. Gauza horiek ez ziren kontatzen.
Epinefrinaren hauts zuria odolean, beraz, izerdi hotz likina bekokian, eta batez ere eskuetan. Nola disimulatu ez dakien urduritasuna; zenbat eta gehiago ezkutatu nahi, hainbat eta gehiago erakusten duena, ibiltzeko modu tenteegian bereziki.
Badaki hori, eta gelditu egiten da anden erdian, bi eskuak igurtziz geldialdia justifikatzeko, garraiatzen duen pisuaren poderioz atsedena behar lukeelako itxura eginez. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario