2011-03-31

151. pasartea

No sé a dónde nos puede llevar esto —errepikatu zuen Iñaki Abaituak pentsakor, erantzuna aurkitzen saiatzen zela erakutsi nahian. Bistakoa zen bizarginak giro konfidentzial baten bila lagundu ziola atarira, eta hala egiaztatu zuen, “¿y qué se dice por allí?” galdetu baitzion irribarretsu, hortz handi eta horitu batzuk erakutsiz, “porque usted es vasco, ¿no es cierto?” esaterakoan.
Iñaki Abaituak baietz erantzun zion buruaz, baina ez zuen hitzik erantsi. Disimulaezina gertatzen zitzaion gizonaren irribarre horiztatua koroatzen zuen bibote finak eragiten zion mesfidantza sentimendua, eta barnerantz begiratu zuen haren begiradaren ihesi, koloreetako flaskoen artean abandonaturiko egunkariaren bila. Gero, ezkerrerantz aldatu zuen bista, dozena erdiren bat pausora zegoen kale kantoirantz ihesi, eta bide batez gizon haren aurrean mesfidati agertzeaz nahigabeturik. Adeitsua zen, eta irribarrea zabaldu egin zitzaion “pues nada, que tenga usted buen día, y ya sabe dónde nos tiene” atseginez esaterakoan.
Iñaki Abaituak eskerrak eman zizkion, eta hamaika pauso zehatz kontatu zituen kale kantoiraino. Kantoiaren bueltan zinema bat zegoen, etengabeko emanaldia iragar­tzen zuena. Ez zuen jakingo esaten zerk eraman zuen atean hurrengo emanaldiaren zain zegoen taldearekin batzera. Iragan hobea izandako aretoa zirudien, hormak, dudarik gabe, arkakusoen babesleku zen belus granate, gastatu eta belztuaz tapizatuak zituena. Atari aurretik, hiritarrak presaturik pasatzen ziren, karterak eskuetan, beren eginkizunetara bidean, eta pentsatu zuen bera ere alprojatzat hartuko zutela, inguratzen zutenak bezala —zaharrak gehienak, eta zabar itxurakoak—, noraezean edo ezkutatu nahian zebilkeen gaizkiletzat agian. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario