2011-03-31

212. pasartea

Arratsero leku berberetan kokatzen ziren. Hitzak ere berberak izaten ziren, eta hitzei laguntzen zieten keinuak ere bai. Arantxak, adibidez, oinetakoak kentzen zituen, eta galtzerdiak ere bai, sarritan; zeramatzanean, noski. Oso astiro kentzen zituen, bi eskuez, izterretan biribilkatuz eta beherantz irristaraziz. Gero, izter barrenak erakutsiz, zangoak gurutzatzen zituen, mugimendu haren interpretazio oro lekuz kanpo uzten zuen naturaltasun gehiegizkoaz, eta eskaintzen zitzaion ikuskizuna indiferentziaz begiratzera behartzen zuen Ion.
Errieta egin dute.
Arantxak azaltzen du, xehetasun ugariz, nola goardia zibilek ETAko bi atzeman dituzten Ibaeta aldean. Nola inguratu eta tirokatu dituzten, errenditu diren arte, eta gero lurrean ahozpez eduki dituztela, antza denez, ingurunea miatu bitartean, beste norbaiten arrastoa atera nahian. Lurra hareatsua da han. El León garagardo fabrika dagoen parajean, errepidearen bestaldean, Avenida hotelaren azpian.
Avenida hotela zitaetxea ote den susmoa aipatzen du Ionek, eta denek bidegabekeria bat esan duen haurrari ohi zaion bezala begiratzen diote, gaitzesle; ez dute hitz egin beharrik haserrea erakusteko. Buru-makur eta isilik geratzen da, esan bezala, haur zigortu baten moduan. “Kontua da” dio Arantxak, “lurrean zeuzkatela, bota bel­tzak kokotean, aurpegia harearen kontra zanpatuta”, eta halako batean, jende askok ikusi omen zuen, zibiletako batek tiroa jo ziola metro erdi eskasera metrailetaz”. “Gazteenari” edo “luzeenari”, dio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario