2011-03-30

217. pasartea

Juliak “nahikoa dinagu” esaten dion arren. “Nahikoa dinagu” dio ahots leunez, baina ñabardura batean aginduaren irmotasuna erakutsiz. Alfonbra zuriaren litsekin jolasean dihardu, lurrean eserita, belaunburuen gainean makurturik.
Arantxa ez da nolanahi isilduko —”hori da, mintza gaitezen udazkenaz” dio, ahotsa sakonduz, Juliarena imitatzeko— eta bestalde, gaia berez nagusitzen da. Nahita ere ez lukete jakingo beste ezertaz hitz egiten.
“Izan ere...”. Ioni begira geratu dira guztiak, esan dezakeenaren zain, hiru aldiz esan baitu “izan ere”. Azkenean, ahapeka, “hondamena da” eranstea baino ez du lortzen, ordea.
Damuz, baina patu saihestezina bailitzan onartzen dute haserretu beharra. Ion Igartuak “hondamena da” esaten duenean, Abelek “hondamena bai, hori dira mutil horiek, hondamena” erantsiko baitu, begiez gela inguratuz desafiatzen dituela.
Bazekien krudela izaten Abelek. Adibidez, “ez dago hildakorik gabeko gerrarik”, edo “gerrara doanak badaki zer gerta dakiokeen” eta antzekoak esaten zituenean. Ezkerreko hatz txikia atzera indartzen zuen bere arrazoien kontaketa laburra egiterakoan. Primo: ez ziren gerrarako baldintza objektiboak betetzen. Hurrengo hatza hartuz, secondo, kritika teknikoa: kabo bat hiltzeko, ingelesen brigada arinek boer-en aurka baino galera gehiago izaten zuten.
Krudela zen, eta zinikoa. Hori esaten dio Arantxak, “krudela eta zinikoa zara, Abel Osa”, institutuko irakaslea bailitzan. Baina badaki, guztiek dakite, ezin dutela sentimenduen arrazoirik baino erabili haren argudioen kontra.
Duintasunaz mintzo zaienean: “Berak ere ikara larrian bizi direla jakiteak ematen didan duintasuna”. Eta Arantxak besoak zabaltzen ditu erabat, “duintasuna” esaterakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario