2011-03-31

195. pasartea

Beste tren batekin gurutzatzean sortutako aire bultzadak bere gogoetatik atera zuen. Bakarrik zegoen trantsitoan. Bekokia leihoaren kontra itsatsi zuen, bere aurrean tarteka ageri ziren irudi argi eta iheskorrak atxiki nahian, eta eginahal horretan ari zen. Zehatzago esan, bere eskuinetik tren gurutzatuaren kexa luzea jarraitzen ari zen jada, ondoko konpartimentutik gizon baten burua agertu zenean.
Istant bat besterik ez zen izan. Gizonak ez zuen burua alboratu beharrik izan bere presentziaz ohartzeko, eta berehala ezkutatu zen. Buruan kapela tiroldarra, eta masaila lodiak ongi bizargabetuak. Bi zehaztasun horiek bere bat-bateko ziurtasunari eusteko aski ez baziren ere, konbentziturik zegoen buru hura Catalunya plazan Eduardo Ortiz de Zaraterekin ikusi zuen gizonarena zela.
Eszena hura gogoratu zuen, kapeladunaren burua ahalik eta gehien zehazteko asmoz. Motza zen, baina beharbada hori soinean zeraman gabanak eraginiko irudipena izan zitekeen. Gauza bat zen ziurra, Ortiz de Zarateren mugimenduari jarraitu ziola berari pasaeran bizkarra emateko, Ortiz de Zaratek aurrez aurre begiratzen ziolarik. Begirik kendu gabe, gainera, bestea ezkutatzeko asmoz ari zela disimulatzeko interesik izan ez balu bezala.
Intuizioaren eraginez, bere konpartimentuan sartu zen, atea ixterakoan ahalik eta hots gehien ateraz. Bi minutu kontatu zuen, ehun eta hogei segundo, banan-banan, ordulari baten zehaztasunez, eta kontaketa burutzean berriro ireki zuen atea. Bere eskuinaldera, gizon bat zihoan trantsitoan zehar bagoi muturrerantz. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario