2011-03-30

226. pasartea

Bere atxilotzearen xehetasunak, bereziki egunkari paperetan gaizki disimulaturiko metrailetena, funtzionatzen ez duen auto kamuflatua, atzeko eserlekuan lagun dituen goardia zibil paisanozko biak eta haien jitea —bat luzea eta gaztea, txikia eta zaharra bestea— eta beste zenbait, Daniel Zabalegirena girotzeko erabiliko zituen. Biak egon ziren komandantzia berean, Zumalakarregi etorbidean. Antiguako auzoan, beraz, baina Iñaki Abaitua lehenbiziko solairuan, buruzagiek bulegoak dituzten esparruan; Daniel Zabalegik, berriz, ia egonaldi osoa behe-solairuan eman zuen.
Iñaki Abaitua, atxiloturik eman zuen hamar ordu inguruko egonaldian, ez zen irten espainiar estiloan dekoraturiko sala batetik. Hormak damasko granatez jantziak zituen, baita zurezko altzari ilun eta astunak ere. Hiru jarlekuko sofa gogor batean eserarazi zuten, eta aurrez aurreko sofa bikian goardia zibil gaztea eseri zen, eskuan pistola handi bat zuela. Gezurrezkoa iruditu zitzaion, hain zen handia. Aire goibel eta tristekoa zen goardia zibila, eta begirune handiz tratatzen zuen, ziur asko importantea zela uste zuelako, edo diruduna, edo eskolatua; bere maila soziala gainditzen zuena, nolanahi ere.
Noizbehinka bestea sartzen zen, txiki zaharragoa. Azazkalak luzeak zituen, eta horiz zikinduak —gero jakingo zuenez, argazkiak errebelatzeko likidoen eraginez—. Argazkilaria baitzen. Hark hika tratatzen zuen, eta begirune gutxiz. Galdera arruntak egin zizkion, lanari buruz, taldeko besteekin zituen harremanez. Galdera sorta bat egin eta irten egiten zen; erantzunak gainerakoenekin bat zetozen egiaztatzeko, iruditu zitzaion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario