2011-03-31

145. pasartea

Bidezko eta normala iruditu zitzaion hasiera batean, Daniel Zabalegi marearen bat egina zelako Getariako itsasontziren batean, hain zuzen, kresalak psoriasiaren antzekoa zen azaleko gaitz hari ez ziola onik egiten konturatu zen arte, eta azkenean, gertakizunak baino hiru egun lehenago tabernan agertu zirenean, “hemen zeudek lagunak” esan zion, izenik aipatu gabe, eta berak, taberna leporaino zegoenez, ez zuen astirik izan aurpegira begiratzeko ere. Iluntzerako, ordea, burua berotua zion andreak, eta ez arrazoirik gabe, zeren, afaritan ikusi ahal izan zuenez, mutil haiek ez baitzuten Getariako euskararik egiten; arrantzale trazarik ere ez zuten, eta okerrena, ez zen ulertzekoa zer egin zezaketen oporretan Loiola inguruko zulo hartan, Benidormera joan ordez.
Arazo hartaz ez arduratzea erabaki zuen Solanak, eta emazteari gauza bera gomendatu bazion ere, hark, bigarren egunean, bikotea irten bezain pronto gela txukuntzeko asmoz sartu zenean, ezin eutsi izan zion ohe azpian gorderiko poltsa zuri-gorri-urdina usnatzeko gogoari —poltsa zuria zen berez, urdinak hirukia eta bertan hesituriko oilarra, eta Le coq sportif zeraman gorriz idatzia, poliziaren agirietan azaltzen denez, lekuko guztiek gorde baitzuten poltsa hura gogoan— eta, lehenbiziko gauza, haren pisuak larritu zuen; jasotzerakoan atera zuen metal hots modukoak arnasa eten zion gero; eta azkenean, bere edukia bistaurrean azaldu zitzaionean, zorabiatzeko puntuan sentitu zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario