2011-03-31

157. pasartea

Etxe aurrean zeuden, hosto mamitsuak eta enbor noblea zituen magnoliaren babespean. Arbola batzuek aitonaren oroitzapena dakartela esan zuen behin; sarritan, ahaztutako poema zatien aztarnak etortzen zitzaizkion gogora Iñaki Abaituari, eta ezinezkoa gertatzen zitzaion beren testuingurutik kanpo zentzugabeak bilakatzen ziren hitz galduak esan gabe gordetzea. Juliak, ordea, harrigarria bazirudien ere, pentsamendu bera izan zuela erantzun zion, eta gero, hatz txikiaz berea hartzen ziola, aho korapilo moduko bat esan zuen, eskua indarrez astinduz, eta azkenean beren bihotzen bat egite miresgarriaren ondorioz beteko zen desira bat adierazteko eskatu zion. Umekeria haietakoren baten ondoren, ohiko seriotasun ilunean babesten zen, desgogoan, pozik egoteak energia gehiegi eskatuko balio bezala. Magnolia grandiflora haren hazia Estatu Batuetako hegoaldetik ekarri eta landatu omen zuen Juliaren aitonak. Horregatik esan zion aitonaren oroitzapena zekarkiola. Baina zergatik pentsatu zuen berak ere arbola batzuek aitonaren oroitzapena dakartela? Ez zekien, Rilkeren poema batetik jasotako ideia zen, beharbada. Ez zekien zergatik. Rilkeren “Jauna, emaiozu gizon bakoitzari bere heriotza” zetorkion gogora, baina ez zuen pentsamendurik aditzera eman. Besterik gabe, ez zekien, sendotasunagatik agian, edo iraganaren lekuko zirelako. Baina Juliak ez zion jadanik entzuten. Magnoliaren azala ferekatzen zuen oharkabean, gogoa pentsamendu urrunen batean galdua.
Isilik iraun zuten luzaroan, naturaren oreka misteriotsua hausteko beldurrez. Itsasoaren murmur bigunari kilker hotsaren kontrapuntu metalezkoak erantzuten zion. “Metalezkoak diruditenean” esan zuen Juliak, hain zuzen

No hay comentarios:

Publicar un comentario