2011-03-31

166. pasartea

Zumarragan fabrikarik ez zegoenean izan ohi zen hori, eta etxean, burua ebaki ondoren ere, ahoa oso poliki ixten eta irekitzen jarraitzen zuten, airea hartu nahian, eta agonia luzearen sufrimenduaz mintzo nahi zutela zirudien.
Agoniaz mintzo ziren, noski, aingira eta zapata ahozabalak. Edo agoniaren angustiaz, zehatzago esan. Lasagabasterrek aipatu du hori, protagonistak heriotzaren aurrean pairatzen dituen aldakuntza psikologikoak taxutu nahia, alegia, horretarako —bere iritzia da—, Kübler-Ross-en eredu psikologikoaz —ukazioa, esperantza, errebeldia, depresioa eta onarpena— baliatzen delarik.
“Oparotasun bereziz luzatzen da azken maila horretan” idatzi du kritikariak, “zeinetan, heriotzaren hurbiltasunak haren ezinbestekotasuna onartzera garamatzanean, beldur abstraktua gainditu eta zehaztu egiten den”. Hil bai, baina nola, litzateke maila horretan galdera. Agoniaren beldurra bilakatzen da, beraz, problema. Agoniaren beldurra lehenbizi, eta gorpuarekiko ardura gero. Ardura horrexek eramaten ditu zahar asko elikadura murrizteraino, hilobi duina lortzeko gogoz. Gaztetan, heriotza urrun sumatzen denean —hautematen ez denean, esan beharko litzateke—, erabat ulergaitz gertatzen dira portaera eta ardura horiek.
“Heriotzara joateko aukeratu dituen zapatak lurrean, bi oin biluzien artean, lau hanka bailituen”. Ezjakinenak badaki zapatak objektu fetitxeak direla, eduki sexualez beteak, eta hor datza beren erabilera dramatikoa. Erosek eta Tanatosek, biek dituzte zapatak.
Esaterako, takoi-orratz luzeko zapata gorrien aipamen hutsa aski da egoera arruntena erotiko bihurtzeko. Demagun bikote bat afaritan. Emakumeak, zapata gorri takoi-orratz luzekoak daramatzala onartuz gero, erabat sinesgarria egiten zaigu hanka luzatu eta gizonaren berna igurzten duela, arrainarentzako tresnak trebeziaz maneiatzen dituen bitartean. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario