2011-03-31

169. pasartea

Eta gerora jakingo zuenez, Ismael ez zen edale ona. Alkohol gutxi behar izaten zuen txaldantzeko eta, gehienetan, txapela kokotean jarrita toreroarena egiten amaitu ohi zuen pare bat kopa edan orduko. Hori ez zen okerrena, azken batean, barregarria gerta zitekeen aurrean jartzen zitzaion edozein pertsona, animalia, edo gauzari paseak ematen ikustea, baina ama bere onetik ateratzen zuen, hain zuzen ere jendea barre-algaran jartzen zuelako, eta gero Danieli tokatzen zitzaion haren haserrearen ordainak jasotzea.
Egun hartan Ismael, geltoki ondoko zubian zeudenei kokotsa erronkari altxatuz, txikuelinaren berri jakin nahi zuenak torero puska hari begiratzeko esaten hasi zenean, bera, badaezpada, etxera aurreratu zitzaien, eliza atzeko bidezidorra hartuz. Hala ere, bazekien ez zela amak azkenean nola edo hala emango zion zafladaz libratuko, eta atarian itxaron zien, lehenbailehen bukatzeko gogoz. Orduko arrazoia oinetakoak izan ziren, konturatu gabe lokatzetan sartu eta ez baitzuten jatorrizko zuritasunaren aztarrenik. “Nola jarri dituan zapatarik hoberenak” esan zion amak ezkerreko eskua altxatzerakoan, eskuinekoaz Ismaelen gorputz balantzatiari besapetik eusten baitzion.
Ez zuen arrazoirik. Ez ziren zapatarik hoberenak, zituen bakarrak baizik, eta luzaroan iraungo zioten. Txiki geratu eta askoz geroago ere haiekin ibili beharko zuen, eta azkenerako behatzak kizkurturik ibili behar izaten zuen igandeetan, amak ez baitzion kalean abarketak erabiltzen uzten. Bi bidaia izaten ziren, bi guruzbide luze, goizean mezetarako eta funtziorako arratsaldean, baina ez zen mina, handia izanagatik ere, gehien jipoitzen zuena, jendaurrean hanka-zabal, disimulaezina zitzaion era xelebrean, ibili beharra baizik. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario